XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

8.1.- PERTURBAZIO BATEN HEDAPENA.

UHIN-HIGIDURA.

Uhin hitzarekin, toki batean sorturiko perturbazioa inguruko puntuetara hedatzean gertatzen den fenomeno fisikoa adierazi nahi dugu.

Uhin-higidura guztietan materia ez da inoiz ere hedatzen, hedatzen dena energia da.

Berau argitzen duen adibidea, uraren gainean flotatuz dagoen kortxo batena da.

Uretan uhinak sorterazten ditugunean (harri bat erortzen utzita) perturbazioa gainazaleko puntu guztietara hedatzen da, eta kortxoa dagoen lekura heltzen denean, kortxoa norabide bertikalean higi erazten du, baina ez hedapenaren norabidean; plano horizontalean alegia.

Beste adibide bat, soka batean zehar hedatzen diren uhinak dira.

Irudian ikusten den bezala partikulen bibrazioaren norabidea eta hedapenaren norabidea ez datoz bat.

Beste adibide argia, irrati-uhinena da, zeintzuetan ez bait dago masa-hedapenik eta energi hedapena bai.

Ingurunearen puntu guztiek, zeintzuetara perturbazioa aldiune berberean heltzen den, uhin-gainazala edo uhin-frontea osatzen dute.

Uhin-higiduran hedatutako perturbazioa ahulduz doa bi faktoreren kausaz: alde batetik, ingurune hedatzailearen partikulen arteko marruskaduragatik, eta bestetik, perturbazioaren energia gero eta handiagoa den partikula-kopuruan banatzen delako.

8.2.- UHIN-MOTAK.

Uhinen adierazpen matematikoa egin baino lehen, uhinen sailkapenaz arituko gara atal honetan.

Sailkapen desberdinak egin ditzakegu, sailkatzeko erabiltzen dugun erizpidearen arabera.

Lehenengo sailkapena perturbazioa pairatzen duen magnitudeari begira egin daiteke, hots, magnitude hori eskalarra denean (airearen presioa, uraren dentsitatea...), uhin eskalarra dela diogu.